<73>
iratxeki badiatzote, gutienean bereak emanen derautzatela, azotea izanen duela. Baina hark ere fite konsolatzen du bere burua, erraiten duela: “Benturaz ez naute atrapatuko, benturaz ez naute sentituko”. Hala bada, guk ere, gerotik gerora gabiltzanok, konsolatzeintugu geure buruok, eta erraiten dugu: “Benturaz huneraino iguriki derautanak, igurikiko deraut orai ere. Benturaz orai ezpadut ere, izanen dut aitzinerat ongi egiteko gogo. Eztira oraino denbora guztiak iragan”.
49 Bada hemen bentura franko, eta ez esperantza eskasik. Zer da haur? Non da zentzua? Non da akhordua? Zer egin da adimendua? Zeure salbamendua, hanbat dihoatzun gauza, sekulakotzat ongi edo gaizki izaitea, iben dezazula benturan? Eztuzu pensatzen bentura horrek, benturaz, bentura gaixtoa emanen deratzula? Eta nork bere duen guztiaren benturatzea, erhokeria handia dela?
Benturaz hunen gainean ederki erraiten du san Krisostomok: Sed multis, inquis, Deus dedit privilegium, ut in ultima senecta confiterentur. Quid, igitur? nunquid et tibi dabit? Fortasse dabit, inquis. Cur dicis fortasse? Contingit aliquoties. Cogita quod de anima tua deliberas; proinde, etiam de contrario cogita; et dic: "Quid autem si non det? Quid autem, si det?" inquis. Dat quidem