<548>
nahi baitu, eta bere bekhatu iraganez barkhamendu erdietsirik, aitzinerat gehiago egin gabe egoiteko indar hartu, maiz kofesa bedi; gerotik gerora, egunetik biharrera luzatu gabe, urtheko bestaburuetan bedere, Jainkoarekin mintza bedi, kontutan jar bedi. Zeren halatan emanen du orai presenteon kontu ona, eta gero azken finean erdietsiko du bere arimaren salbamendua.
Nola gerotik gerora luzamendutan dabilanak egiten dioen bidegabe Jainkoari
Kap. LIII
352 Erraiten du San Tomas doktor handi hark: Si homo non peccasset, Deus incarnatus non fuisset (S. Thom. 3 p., q. 1, art. 3). Baldin gizonak bekhaturik egin ezpalu, etzen Jainkoa gizon eginen; eta ageri da ezetz, zeren gizon eginez gero, bethiere bekhatorekin ibiltzen zen, hekin solhastatzen, hekin jaten eta edaten zuen, hekin zuen lakhet. Hain lakhet ezen, soberania iduriturik, gaizki aiphatzen baitzuten skriba fariseoek, erraiten zutela: Hic peccatores recipit, et manducat cum illis (Luc. 13).