<547>
bertzeak bertze direla, aisia handi bat emanen diozu zeure buruari. Gutitan kofesatzen denari, gaitzi zaika kofesatzea, ahalke da halakoa, beldur da, herstura handitan edireiten da. Halakoak egunetik egunera, garizumaren hastetik akhabatzera, akhabatzetik bazko zaharrera, azken ephera luzatzen du, eta batzutan ephe hura ere iragaitera utzten du. Eta hala gerthatzen zaika halakoari eritzen denean ere: orduan ere luzatzen du; noiz beharko duen Jainkoak erakutsiko dioela; oraino bihotz on duela, aphur bat utz dezatela erraiten du. Eta gero hala dabilala, maiz gerthatzen dena: kofesatu gabe finatzen da.
Gutitan orraztatzen denak, lehenbiziko orratzta aldian, orrazea nekez iragaiten du, min hartzen du. Zeren ileak nahasiak eta izurtuak baitaude. Baina maiz orraztatzen denak eztu traburik edireiten, eztu minik hartzen, hura aiseki orraztatzen da buruan; hala orraztatzen da, bada, halaber, aiseki bere ariman, urthean laur edo bortzetan kofesatzen dena ere: guztiez orhoitzen da, guztiez akhusatzen da, eztu traburik edireiten, eta ez minik hartzen.
Enzutea bera presuna bat maiz kofesatzen dela, asko da prestu dela erraiteko; eta bai, halaber, gutitan kofesatzen dela jakitea, eztela sobera debot sinhesteko.
Bada, nork ere bere arimaz kontu ona eman