<546>
urthearen bururaino kontuak ikhusi gabe eta bere nabusiarekin mintzatu gabe egoiten; hala guk ere, baldin geure arimako kontuak eman nahi baditugu ongi, eta zorrak pagatu, eztugu urthe guztian, garizumaraino, kofesatu gabe egon behar. Zeren kofesatzea da Jainkoarekin mintzatzea, kontuen egitea eta pagatzeko bidean jartzea. Eta zuk erranagatik garizuman kofesatuko zarela, orduan kontuak eginen eta zorrak pagatuko ditutzula, engana ahal zindezke. Zeren, zer dakizu iraunen duzunz garizumaraino? Jainkoak prometatzen deratzu zeure bekhatuen barkhamendua ongi kofesatzen zarenean, noiz nahi den dela, garizumaren finean bada ere. Ez, ordea, ezteratzu prometatzen, eta ez segurantzarik emaiten, igurikiko deratzula garizumaraino.
351 Gauza izigarria da, eta erhokeria guztien gaineko erhokeria, bekhatu mortalean dagoela, gauaren iragaitera benturatzea. Zeren anhitz joaiten baita arratsean sendorik oherat, eta gero ezpaita goizean bizirik jaikitzen. Qui amat periculum, peribit in illo (Eccles. 3). Perilean ibili nahi dena, perilean galduko da. Beraz, segurean jokatzeko, ez urthearen bururaino bekhatutan egon, ez hetan sosega; lehen baino lehen, fite eta maiz kofesa. Finean, zazpigarren arrazoina. Maiz behar da kofesatu. Zeren maiz kofesatzeaz,