<44>
maiz dira gaizki eta onbehar. Baina aldez eztira urrikalkizun: zeren bere faltaz, trabailatu nahi gabez, eta ethorkizunera ez behatuz halakatu baitira. Paga bezate, beraz, iragan duten aisia eta alferkeria, presenteko penaz eta trabailuaz; leheneko asea eta soberania, oraiko goseaz eta eskasiaz. In omni opere bono erit abundantia; ubi, autem, verba sunt plurima, ibi frequenter egestas (Prover. 14). Trabailu onean izanen da franko eta frankia, baina hitz anhitz den lekhuan, maiz da probetasuna eta eskasia. Alferrak xoil dira hitztun eder, solhasturi handi: heken konpainian zarenean, ezta zure aldirik, zu baino hek hobeki enzunak dira, hekentzat da audientzia guztia, hei dagote mundua ahoa zabaldurik eta beharriak ernaturik beha. Ordea, gero azkenean hek eskale, eta zu emaile. Haur da alferkeriatik edo nagitasunetik heldu den irabazia, probezia, errumeskeria; bataren eta bertzearen karga eta forogu izaitea, ondore gaixtoa, kalte handia.
28 Baina kalte guztien gaineko kaltea, alferkeriatik heldu den handiena, zeini narraikola erran baitut nik orainokoan erran dudan guztia, da luzamendua, gerotik gerora ibiltzea. Zeren nagi-alferrak eztu behin ere erraiten “egun”. Bethi bihar, bethi gero, bethi luzamendu. Alfertasuna da “gero” guztien ithurburua, zimendua eta ama; egiteko