<67>
emanen ere ezterauzkitzunak, diozu ezen, haren zerbitzuan enplegatuko ditutzula. Ikhusazu zeure itsutasuna, desgobernua eta galtzeko bidea.
44 Ninivitek penitenzia egiteko berrogoi egunen ephea, espazioa eta segurantza zutelarik, hartara behatu gabe eta azken egunaren begira egon gabe, berehala, lehenbiziko egunean, hasi ziren penitenzia egiten eta bere falten erremediatzen; eta handik eta halatan salbatu ziren. Zergatik, bada, guk ere eztugu hala eginen? Zergatik utzi behar dugu geroko, ez berrogoi egunen, baina baten ere segurantzarik eztugunaz geroztik?
Noeren denboran, jaten, edaten, jokatzen, danzatzen, ezkontzen, sal-erosi egiten, eta ethorkizunerat anhitz gauzaren ordenatzen, pensatzen eta trazatzen hari zirela, hartu eta hondatu zituen urak. Hala da, bada, peril, gertha dakigun guri ere, gerotik gerora gabiltzanoi. Zeren hek zein guti zuten, are guk baitugu hek baino segurantza gutiago; eta aitzinerat hobeki behatzen ezpadugu, galtzeko eta fin gaitz egiteko iduri, arau eta molde gehiago.