<66>
gero, bertze urthean onduko garela; orduan hunelako eta halako deskargu eginen ditugula; beraz, badakigu eztela anarteraino izanen, bitartean igurikiko zaikula, edo behintzat erraiten eta egiten bedere badugu, baikiniaki bezala.
Guk nahi genduke egin geure bizitzeaz, eta bizitzeko denboraz, oihal puska batez egiten duguna. Oihalaren parte bat, neurtzen eta ordenatzen dugu kapatako, bertze parte bat jakatako, eta gainerakoa behar diren bertze soinekoen egiteko. Hala bada, oihalaren bezala, geure bizitzearen ere jaun, jabe eta nabusi baikina bezala, ordenatzen dugu bizitzearen parte bat, eta parterik hoberena eta gaiena, gaztetasuna, munduarentzat, eta gero gainerakoa, gaixtoena, zahartasuna, Jainkoarentzat. Quod in manu fortunae positum est, disponis; quod in tua, dimittis, dio Senekak (Seneca, De brevitate vitae, cap. 9). Ethorkizuneko gauzak, fortunaren eskuan eta benturan daudezinak, nahi ditutzu oraidanik gobernatu, trazatu eta destatu; eta presentekoak, zeure eskuan dituzunak, utzten ditutzu galtzera; duzunaz eztuzu konturik egiten, eta eztuzunaz egin gogo duzu mirakuilu. Orai Jainkoak emaiten derauzkitzun bizitzea, osasuna, indarra, antzea eta onhasunak nahi ditutzu Jainkoaren beraren kontra zabiltzala higatu eta galdu, eta gero, oraino eman ezterauzkitzunak, eta benturaz