Orrialde:AxularGero faksimile.djvu/61

Wikisource BIMtik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu
Orri hau berrikusi gabe dago

<61>

San Agustinek (Augus. ser. 1 De verbis Dom., tom. 10). Zer da beirazko untzia baino gauza samurragorik eta hautskorragorik? Eta alabaina, ailtxatzen eta begiratzen denean, irauten du mendez mende. Zeren erortzearen peril badu ere, ez ordea, eztu sukharraren edo zahartzearen perilik. Beraz, beirakia baino perilosago gara eta eztheusago. Zeren behaztoparik, eroririk edo eritasunik ez gerthatuagatik ere, eta geure buruak ahalik eta hobekiena errekaitatu eta begiratuagatik ere, adinak berak eramaiten baikaitu.

Bethi goazi, ezkara behin ere baratzen. Quasi aqua dilabimur (2 Reg. 1). Uraren pare gara; ura bezala linburtzen gara. Corpora nostra rapiuntur fluminum more (Senec. Epis. 58). Gure gorputzak ur-lasterra bezala dohazi. In idem flumen bis non descendimus; manet idem fluminis nomen, aqua transmissa est (Senec. ibidem). Ezkara behin ere ur batetan biatan sartzen (dio Senekak), uraren izena bethi da bat, ez ordea ura. Zeren nola bethi baitoha, eta bethi aldatuaz, ezta behin ere lehena. Ez eta, bada, gu ere, nola bethiere baikoazi, eta bethi aldatuaz eta muthatuaz, ezkara behin ere lehenak. Eta ezpere, beha ezazu nola presuna bat gaztetik zahartzera, eta are batzutan urthetik urthera ere, aldatzen eta ezeztatzen den, idurian ere lehena eztirudiela jartzen den, zein diferent egiten den.

Vita nostra naviganti similis est; is namque qui navigat, stat, iacet, vadit, quia impulsu navis ducitur (Greg. Epis. 26, tom. 2).