<579>
Bekhatoreak ifernuan izanen duen bigarren penaz eta gaztiguaz, zein deitzen baita poena sensus, sensuaren pena
Kap. LVII
372 Egia da: handia da Jainkoaren loriatik eta konpainiatik kanpoan egoitetik heldu den damua eta kaltea. Ordea, zeren baitirudi ezen hala egonagatik ere, balukeiela bekhatoreak zerbait konsolamendu; edo ez lizatekeiela alde guztiz onbehar eta ez osoki urrikalkizun, baldin nehon minik edo oinhazerik ezpalu; hartarakotzat, bekhatorearen bigarren pena eta gaztigua, bekhatoreak merezi duena eta izanen duena da poena sensus, sensuaren pena, su eternala, akhabatuko eztena. Eta pena haur emaiten zaika bekhatoreari zeren Jainkoa utzirik itzuli zen kreaturetara, eta Jainkoaz eta haren manamenduez baino, munduaz eta munduko plazerez kontu gehiago egin zuen. Hala erraiten du San Tomasek: Poena sensus respondet inordinatae conversioni ad creaturam. Pena hunez erraiten du San Mateok: Ite in ignem aeternum (Math. 25). "Zoazte su