<574>
eritasunak ere, hango doloren konsideratzeak, hobeki ukitzen gaitu eta aitzin-gibel beha arazitzen deraku, parabisuko plazeretan plazerki pensatzen egoiteak baino.
Eta haur ezta miretsteko. Zeren handiak, bortitzak eta izigarriak baitira ifernuko pena hek. Hetzaz erran ahal diteke bere moldean, Jondone Paulok zeruko loriaz erran zuena: Eztu egundaino nehork ikhusi, ez enzun, eta ez gogoan iragan, nolakoak izanen diren. Nola onei emanen zaien pagamendua izanen baita abantailatua, guztien gainekoa, hala gaixtoek izanen duten gaztigua eta pena ere izanen da paregabea, alde guztiz handia: hain handia, ezen, nola ezpaita izanen atseginik, eta ez plazerik, salbatzen den batek gozatuko eztuenik, hala ezta edirenen penarik, eta ez atsekaberik, kondenatu batek pairatu beharko eztuenik. Onek on guztiak, gaixtoek gaitz guztiak. Onak bethi ongi, gaixtoak bethi gaizki.
Eta egiteko huni bere zimendutik eta erroetarik lotzeko; eta, halaber, jakiteko zer pena eta nolakoak izanen diren ifernuko pena hek, eta zergatik erraiten den hek direla pena guztien gaineko penak, har dezagun geure aitzindari San Tomas, doktor handi hura, zeren harekin batean izanen gara ongi kidatuak, eta mintzatuko gara behar den bezala.