<541>
berean, maiz kofesatzen dena erraz bezala, gutitan egiten dena ere da neke eta gaitz. Zeren hari denbora luzean anhitz likitskeria eta bekhatu lotzen baitzaika. Beraz, maiz behar da garbitu, maiz behar da kofesatu.
Are gehiago, borzgarren arrazoina. Maiz behar da kofesatu. Zeren bekhaturik gabe zeneundenean egin zinituen obra onak, zein baitziren obra biziak, eta gero bekhatu egiteaz hildu eta iraungi bezala zirenak, kofesatzeaz pitzten eta koberatzen baitira. 348 Eta pontu hunen hobeki aditzeko, jakin behar duzue ezen, laur obra molde, laur obra suerte edireiten direla, orai gure kontuko ongi heldu direnak.
Lehenbizikoak dira opera viva, obra biziak, bekhaturik gabe zeneundenean egin zinituen obra onak. Bigarrenak dira opera mortifera, obra hiltzaileak, arima hiltzen eta erhaiten dutenak, zein baitira bekhatu mortalak.
Hirurgarrenak dira opera mortificata, obra hilduak, hildumatuak, lohakartuak. Zeren bekhatu mortal bat egiten duzunean, gelditzen dira lehen bekhaturik gabe zeneundenean egin zinituen obra on guztiak hilduak, hebainduak, eta zeruko loriara zeramaten bidetik eta abiaduratik gibelatuak eta trabatuak.