<535>
Maiz kofesatzeaz, eta handik heldu den probetxuaz
Kap. LII
344 Nola anhitz presuna baita kofesatzera herabe duenik, nagi eta loti denik; halakoen iratzartzeko, nahi nuke kapitulu hunetan eman zenbait arrazoin, eta erakutsi, zenbat probetxu dakharkeien maiz kofesatzeak, eta kalte gutitan egiteak, hek konsideraturik batbedera maiz kofesatzera eta bere eginbidearen egitera erna dadin amoreakgatik.
Lehenbiziko arrazoina. Maiz behar da kofesatu. Zeren kofesatzeak emaiten dio bekhatutan dagoenari bere bekhatuen barkhamendua, garaziarik eztuenari garazia, eta garazia duenari eta saindu denari berretzen dio, eta handitzen, bere leheneko garazia eta saindutasuna.
Ordea, erranen du hemen zenbaitek: Nolatan ahal dateke hori horrela? Nolatan kofesatzeak berret ahal dezake, eta handi, leheneko garazia eta saindutasuna? Zeren kofesatzera heldu dena bekhatutan dago, zeren