<534>
behin kofesatzera. Eta urthean behin kofesatze haur egiten ohi da komunzki bazko garizumakoz. Zeren orduan errezibitu behar baita gorputz saindua, eta gorputz saindua errezibituko duenak, baldin badu bekhaturik, lehenik behar baitu kofesatu.
Ordea, nor izanen da urthean behin baizen kofesatuko eztena? Urthe batez osoki bere konzientzia bisitatu gabe eta nola dadukan auteman gabe pairatuko duena?
Erranen duzu: "Elizak ez nau manatzen, urthean behin baizen kofesa nadila, eta ni egiten naiz hainbertzetan; beraz, ez naiz gaitz erraiteko, gehiagotan ez eginagatik ere". Bada, ordea, gaitz erraiteko zara. Zeren egia da, etzaitu Elizak manatzen gehiagotan; ordea, etzaitu debekatzen ere. Aitzitik, nahi luke gehiagotan egin bazindezi. Eta, halatan, erraiten du: Saltem semel in anno. Urthean behin bedere. Bedere erraiten du, aditzera emaiteagatik nahi lukeiela gehiagotan ere egin bagindezi. Zeren anhitz eta handiak baitira, maiz kofesatzetik heldu diren probetxuak eta irabaziak; eta bai, halaber, gutitan egitetik sortzen diren damuak eta kalteak ere. Hurreneko kapituluan ageriko den bezala.