Orrialde:AxularGero faksimile.djvu/508

Wikisource BIMtik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu
Orri hau berrikusi gabe dago

<506>

Bertze munduko begira egon gabe, anarteraino iguriki gabe, konbertitzen zareten pontuan, ezagutuko duzue onaren eta gaixtoaren arteko diferentzia, bataren alegriantza eta bertzearen tristura, bataren bakea eta bertzearen gerla, bataren atsegina eta bertzearen atsekabea, bataren arraitasuna eta bertzearen goibeltasuna. Finean, ezagutuko duzue, eta esperientziaz frogatuko, zein handia den onek gaixtoen gainetik duten abantaila, eta nola diren onak, are mundu hunetan ere, gaixtoek uste duten baino aiseago eta bere gogarago.

Egun batez galdegin zeraukaten Apostoluek bere Nabusiari: Ecce nos reliquimus omnia, et sequuti sumus te; quid ergo erit nobis? (Marc. 10). “Jauna, guk utzi ditugu ditugun on guztiak zure amoreakgatik, eta jarraiki gatzaizkitzu; zer izanen da, bada, gutzaz edo guretzat?”. Ihardetsi zerauen: Amen dico vobis: nemo est qui reliquerit domum aut fratres aut sorores, aut patrem aut matrem propter me, aut propter Evangelium, qui non accipiet centies tantum in tempore hoc, et in saeculo futuro vitam aeternam.

“Egiaz erraiten deratzuet, seguratzen zaituztet, ezen nork ere utziko baitu enegatik eta ene Ebanjelioagatik etxerik, anaiarik, arrebarik, aitarik edo amarik, errezibituko duela orai presenteko denbora hunetan, utziko duenetik ehun gehiago, eta gero bertze munduan