<505>
Deabruak emaiten derauzte bere jendei bere atsegin eta plazer moldeak. Zer, bada, Jainkoa izanen da hain idor eta on-edeki, non utziko baititu bere adiskideak eta zerbitzariak atsegindasun mokho bat ere gabe? Zein parte estimatzen duzu hobe, Jainkoarena ala deabruarena? Baldin ba, Jainkoarena! Beraz, Jainkoaren atseginak eta plazerak ere hobeagoak eta handiagoak izanen dira deabruarenak baino.
Eta ez naiz, ez, mintzo bertze mundukoaz: hangoaz ezta dudarik. Zeren segur da han gaixtoak izanen direla sekulakotzat penatuak, eta onak golardoatuak eta lorifikatuak. Baina mintzo naiz mundu hunetakoaz. Eta diot ezen, are mundu hunetan ere, giristino onek, Jainkoaren partea dadukatenek, atsegin eta plazer gehiago gozatzen dutela, giristino gaixto deabruaren partea segitzen dutenek baino.
326 Egia haur eman zerauen aditzera Jainkoak berak, hartzaz arrenkuratzen ziren jende batzuei, erraiten zerauela: Convertimini, et videbitis quid sit inter iustum et impium, et inter servientem Deo et non servientem ei (Malach. 5). “Konberti zaitezte, bide onean jar zaitezte, eta ikhusiko duzue zer diferentzia den onaren eta gaixtoaren, Jainkoa zerbitzatzen duenaren eta zerbitzatzen eztuenaren artean”. Erran baileraue bezala: