<461>
§ 2
300 Ordea, ezkaitu ez izitu behar azken finerainoko edo gareinoko trabailu aphur batek, hartzaz zeruko loria, hain gauza handia, erdiesten denaz geroztik. Zeren Jondone Paulok dioen bezala: Non sunt condignae passiones huius temporis ad futuram gloriam quae revelabitur in nobis. Hemengo neke-trabailu guztiak, gehiago balira ere, eztira zeruko loriaren erdiesteko merezient, eztira asko, eztira deus harekin konparaturik. Beraz, hunelatan, eztugu bizi gareinoko trabailu aphur haur sobera etsi behar. Aitzitik, desiratu behar genduke lizen handiago eta iraun lezan gehiago. Hala desiratzen zuten lehenagoko sainduek; eta halatan, desira hura hala izanez, eman zerauen Jainkoak hain loria handia. Halako batez mintzo dela, erraiten du Spiritu Sainduak: Consummatus in brevi, explevit tempora multa (Sapient. 4). Denbora gutiz bizi izan bazen ere, guti hartan egin zuen anhitz. Zeren hartan baitzuen aitzinerat ere ongi egiteko gogo eta borondate, eta borondate harekin hil baitzen. Hala erraiten da, halaber, gaixtoez ere, denbora gutiz egin zutela anhitz, eta denbora gutiz eta laburrez egin zituzten bekhatuakgatik emaiten zaiela gaztigu luzea eta sekulakoa.