Orrialde:AxularGero faksimile.djvu/451

Wikisource BIMtik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu
Orri hau berrikusi gabe dago

<449>

du nik badudala bekhaturik? Galdez nagotzue. Deus badakizue, errazue". ―Zer diozu, Jaungoikoa? Zer hari zara? Nolatan egiten derauezu galde hori zeure etsaiei? Zutzaz gaizki erraiteko okhasino bilha dabiltzanei? Nola etzara beldur ahalkegabe dakizkitzun, eta eztena badela erran diazazuten? ―Nola ez naizen beldur? Ezpaitut deusetan ere faltarik. Konzientzia baitut ona eta garbia. Hark esportzatzen, berotzen eta segurantza segur batekin deusen beldur gabe ibentzen nau. Nahi duzu egon deusen beldur gabe? Zaren prestu, euzu konzientzia ona. Zaren konzientzia onarekin, ez etsairen, ez igortziriren, ez ozprinaren, ez uren, ez suren, ez inkontruren, ez fortunaren, eta ez munduan den bertze perilen ere, etzara beldur izanen.

Konzientzia gaixtoak, perilik eztuenean ere, uste du peril duela; baina onak, peril duenean ere, bere burua segur daduka, esportzu du, esperantza du orduan ere: bertze guztiek etsituagatik, eztu berak etsitzen. Susana, Lege Zaharreko emazte prestu hura, bere senharraz bertzerekin izan zela falsoki akhusaturik harriz jokatzera zeramatenean, galdutzat zedukan mundu guztiak. Ordea, berak esperantza handia zuen Jainkoa baithan. Erat cor eius fiduciam habens in Domino (Daniel. 3). Zeren nola ezpaitzuen hobenik, bere hobengabeak, bere konzientziak