<439bis>
Nola gerotik gerora gabiltzan bitartean galtzen dugun konzientzia onaren bakea eta sosegua
Kap. XLVI
287 Gauza segura da, klara eta esperientziaz ere frogatua, konzientzia gaixtoaren autsikiak autsiki minak, liskarrak liskar garratzak, eta kolpeak ere kolpe bortitzak direla: eta halako konzientzia duenak, hala dueino, plazentzia osorik eztukeiela.
Baina gauza klara eta frogatua da, halaber, konzientzia onaren bakea eta sosegua, gauza gogoa eta plazenta dela; eta, nola mundu hunetako ifernua baita konzientzia gaixtoa, hala dela, halaber, mundu hunetako parabisua konzientzia ona.
Ad spirituale gaudium, hodierna die, fratres charissimi, intendo vos invitare; quod, quidem, gaudium non operatur divitiarum copia, non fallax mundi gloria, non prolis faecunditas, non corporis sanitas, sed tantum conscientiae per uritas (August. Ad frat. in eremo, serm. 10, t. 10). "Plazer espiritualera, arimako alegriantzara konbidatu nahi zaituztet egungo egunean, neure anaia maiteak", dio San Agustinek. Eta