<428>
bere sosegutik (Vide August. in Psal. 33 et in Psal. 100). Emazte gaixtoa, ithaizura eta khea diren lekhuan ezta plazerik, ez eta konzientzia gaixtoa duena baithan ere ontasunik. Bekhatorea sar badadi bere konzientzian barrena, berehala hango kheak atheratzen du kanporat, azpiratzen du tristurak
Kanpoan etsaiak, perilak eta asalduak dituenak, laster egiten du etxera, pausatzera eta bere buruaren seguratzera. Ordea, etxean ere etsaiak, atsekabeak, ithaizura, khea eta emazte gaixtoa dituenak, zer eginen du? Non pausatuko du? Zer konsolamendu izanen du? Kanpoan etsaiak, etxean gerla, non edirenen du bakea? Non? Bere barreneko ganbaran, bere konzientzian, han behar du pausatu, han behar du konsolatu eta bere burua arindu eta alegeratu. Ordea, baldin bere barreneko ganbara hartan ere, bere konzientzian ere edireiten badu etsaia, bekhatuaren ithaizura, khea eta eranzutea, zer eginen du orduan? Norako da? Sarthuagatik bere barreneko ganbaran, bere konzientzian, eztezake pausurik ediren. Zeren han berean batzen baitzaika bere etsaia, eta etsairik gaixtoena, etxe barrenekoa da. Hostem suum invenit, quo confugerat (August. in Psal. 45). Etsaiaren ihesi dabilala, egiten du etsaiarekin inkontru. Beraz, gehien bazterretarik hartua da halakoa, alde guztietarik atrapatua da. Zeren bere burua ere etsai baitu, eta berak bereganik ezin baitaidike ihesik. Arrazoinekin erraiten