<426>
ahal dukeien miseriarik handiena, estaturik perilosena eta egoitzarik gaixtoena: bekhatuaren ez sentitzea. Halakoak konzientziaren sainga guti aditzen du, lo guti hargatik galtzen du; ordea, ezta, ez, hura ere alde guztiz narrio gabe: den gaixtoenari ere, noizik behin bedere, alhatzen zaika bere konzientzia. Zeren San Krisostomok dioen bezala: Neque, enim, in eius potestate situm est remittere (Chrys. in Psal. 142, tom. 1). Nahiago badu ere ezin barkha dezake konzientziak. Hala emaiten du aditzera San Anbrosiok ere: Conscientia, cum non habet loquendi usum, nescit, tamen, tenere silentium (Ambros. De poenit., c. 1, tom. 4). Konzientziak minzatzen usatua eztelarik, eztaki alabaina ixilik ere egoiten. Zeren kanpoan minzatzen ezpada ere, bai ordea minzatzen da barrenean.
276 Konzientzia da behin ere lohakartzen ezten zerbitzari bat, marrantatzen edo erlasten ezten predikari bat, eta bethiere ontasunera ahal bezanbat eramaiten gaituen kidari bat. Eta etzaiku pontu batez ere aldaratzen: bethi darraiku, gorputzari itzala darraikan bezala.
Eta eztago, ez, alferrik ere: alha zaiku, saingaz eta eranzutez dagoku. Bekhatua egin baino lehen, egitean eta eginez gero ere, erasten du, abisatzen du, akhusatzen du. Eta guztiz ere bekhatu egin ondoan jaikitzen da, orduan atzartzen da, orduan dira zinak eta