<424>
errege zenaz geroz. Baina, zeren ezpaitzuen bere konzientziak sosegatzera utzten.
Konzientziak ez aita sainduri, ez enperadoreri, ez erregeri, eta ez munduan den bertze presunari, eztiazaio barkha. Eta haur guztior egiten du gure probetxuagatik, bekhatutan lohakar ezkaitezingatik. Geure aita propioak baino maiteago gaitu geure konzientziak. Aita batek bere semea behin, biatan, hiruretan edo hamarretan mehatxatu duenean, ikhusten badu eztela zenzatzen, eta ez emendatzen, utzten du, etsitzen du. Baina ez konzientziak, eztu behin ere utzten, eta ez etsitzen (Vide Chrysost. concio. 4 De Lazaro, tom. 2).
Gerla handia egiten deraku geure konzientziak, eta gerla hunek, aphur bat ere gibelatzen gaitu bekhatu egitetik: bertzela egin luke gureak. Hala erraiten du San Krisostomok: Conscientiae increpatio, sacra est anchora, non sinens, nos tandem in peccatorum demergi profundum (Chrysost. ubi supra). Konzientziaren eranzutea eta mehatxua, aingura da, eta aingura ere saindua eta sakratua, bekhatuen hondarrean erortzetik eta han ithotzetik begiratzen gaituena.
§ 3
275 Ordea, diferentzia handia da konzientzien artean: anhitz doha batetik bertzera.