<380>
§ 1
250 Komunzki alferrak jan-edanean eta emaztetan ohi daduka gogoa. Hala erraiten du Kasianok: Mens otiosa nihil aliud novit nisi de escis atque ventre (Casia. lib. 10, cap. 8). Alferraren gogoetak eta solhasak jan-edanaz eta sabelaz dira, eztu bertzetan pensatzen ere. Halatan erraiten zioen San Jeronimok Rustikori: Ama studia litterarum, et vitia carnis non amabis (Hieron. Ad Rusticum). Onhets ezazu estudioa, eta eztuzu haragiaren bekhatuan atseginik hartuko, eta ez gogorik edukiko. Hartzen baduzu estudioa fintki, utziko duzu emaztea laxoki. Haec fuit iniquitas Sodomae sororis tuae, superbia, saturitas et otium (Ezech. 10). "Jerusalem, zure aizpa Sodomaren bekhatua eta galgarria izan zen urguilutasuna, asea eta alferkeria". Alferkeriarekin batean egin zituen Sodomako hiri hark hain huts handiak eta bekhatu khiratsak, non igorri baitzeraukan Jainkoak, ez lur estaltzeko, eta ez ur garbitzeko, baina bai su eta khar erratzeko eta xispiltzeko.
Errege Dabitek, trabailatzen zenean, gerlan bere presunaz zebilanean, kontu guti egiten zuen emaztez. Baina astiari eta aisiari jarririk, mandatariz eta bere ordainez