<362>
Bata da emaztekin segitzea, eta bertzea etsaigoan egoitea. Nahi du Jainkoak haren etxeko zerbitzariak, aphez ordenatuak, dituen guztien gainetik bi abantail: bakea eta garbitasuna. Zeren sagaramendu garbi bat eta bakezko bat erabiltzen baitu eskuen artean. Beraz, hunelatan, etsaigoan dagoena ere ez, baina guztien gainetik emaztetan dabilana ezta aphezetako on. Eta hain da egia haur, non uste baitut ezen, emaztetan faltarik eztuen aphezari, bertzerik anhitz falta izanagatik ere, hek guztiak hobeki barkha, estal eta disimula dakiditzaiola; eta bertze guztiek eztutela hala desbistatzen, eta ez bere ohorean nothatzen, nola emaztekin ibiltzeak eta kutsatzeak. Emaztetan eztabilan apheza, emazu saindutzat; eta dabilana, hala dabilaino, emazu galdutzat.
Beraz, hunelatan, prinzipalki elizagizonak eta presuna ezkonduak, baina gero begira bitezi bertze guztiak ere haragiaren lohian sartzetik eta hidoiztatzetik. Zeren behin hidoiztatuz gero, jakin ahal dezakete ezen kaltiar eta sosegu gabe izanen direla; eztirela urriki gabe gerthatuko. Eta gero eta gero, zenbatenaz eta gehiago egonen baitira, hanbatenaz barrenago sarthuko, eta nekezago ilkitko eta garbituko direla.