Orrialde:AxularGero faksimile.djvu/326

Wikisource BIMtik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu
Orri hau berrikusi gabe dago

<326>

harekin ez ibiliagatik, badirudi eztela orduan bekhaturik; guztiz ere baldin uste baduzu, maiz minzatzetik eta elkharrekin segitzetik ethor ditekeiela kalte, nola ethortzen baita batzutan. Zeren badira jende batzuk hain okhasinotsuak, arrunkide gaitzak, batkari ondikozkoak eta inkontru gaixtotakoak, non hobe baita halakoei alde egitea, eta heken bidetarik eta inkontruetarik ihes egitea eta aldaratzea, igurikitzea baino.

Ordea, zeren apartaturik ibiltzeak, elkharren inkontruetarik ihes egiteak, eta edergailu baizen elkharrekin ez minzatzeak, erran nahi baitu badela bitartean zenbait etsaigoa eta borondate gaixto, erraite huragatik, etsai famagatik, eta hartan emaiten den eskandaluagatik, baldin erraite hura, etsai fama hura eta eskandalua iraungitzen ezpaduzu, borondate gaixtorik ez izanagatik ere, etzara peril gabe zeure konzientzian, zeren obligatu zara, eta obligatu gara, baldin barrenean giristino bagara, kanpoan ere giristino garela erakustera eta aditzera emaitera. Ezkara obligatu adiskidekin bezala, etsaiekin geure sekeretuez eta egitekoez minzatzera, hekin maiz ibiltzera, eta ez hekengana adiskidetara bezala joaitera. Asko da salutatzea, munduak etsai eduki ezkaitzakeien bezala bizitzea, borondate gaixtorik ez edukitzea eta eskandalurik ez emaitea.