<320>
edo nola mendekatuko den bethiere gogoetan egoitea. Eta, ezpere, konparaitzatzu eta komunzta elkharrekin, etsaitasunean eta mendekatzeko desiran ibili zaren denbora, eta etsaitasunik gabe, bakean egon zarena, edo zaudena: eta ikhusiko duzu zer diferentzia den bien artean, zenbat dohan batetik bertzera. Edirenen duzu, ezen lehen anhitzetan ere, konpainia batzuetarik aldaratu behar zenduela, zeren han gerthatzen baitzen zenbait zure etsai. Halaber, edirenen duzu lehen zinela gerlan, eta orai zarela, biktoria erdietsirik, bakean. Zeren San Krisostomok dioen bezala: Victoria contra iram est quidem maxima, non cum iniurias ulciscimur, sed cum eas aequo animo toleramus. Etsaitasuneko biktoria eta garaitia eztago, ez, mendekatzean, eta ez ordainaren bihurtzean edo doblearen, baina dago barkhatzean, eta bidegaben pazientki pairatzean. Zeren orduan zeure etsaia, zeure burua eta deabrua ere garaitzen baititutzu, eta arima, eta gorputza ere bakean, soseguan eta segurean ibentzen. Zein baita gauza handia, laudatzekoa, eta lehen baino lehen, geroko begira egon gabe, etsaitasunaren utzteko lehenen gainera erremedio ona eta konsideratzekoa.