Orrialde:AxularGero faksimile.djvu/290

Wikisource BIMtik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu
Orri hau berrikusi gabe dago

<290>

ne possit cernere verum. Bada, elzeari sobera dirakienean, gainez dohanean, hirur moldez emaiten ohi zaika erremedio. Lehenbizikoa, sutik aldaratzeaz eta urruntzeaz. Bigarrena, egurren edekitzeaz eta gutitzeaz. Hirurgarrena, ur hotz gainetik emaiteaz eta egotzteaz. Hala bada, koleraz eta gaitzerizkoaz bere etsaiaren kontra dirakienari ere, hirur erremedio hauk, bat bailira bezala, eta hautzaz bat eginik, eman behar zaitza; eta hauk behar ditu hartu eta bere koleraren iraungitzeko begiratu.

Lehenbizikoa, sutik hastan: erran nahi du, bere etsaiaganik aldara, aparta eta ihes egin. Zeren nola ez erratzeko erremediorik hoberena baita sutik urruntzea, hala da ez ihardukitzeko eta ez haserretzeko ere, gizon haserrekorretarik eta etsaietarik apartatzea eta begiratzea. Presuna haserrekorrak, zuhaitz aranzetsuak bezala dira, eztira ferekatzeko on; nehork uki baitza zaurtzen dute. Harri mugerraren pare dira: barrenean dute sua, asko dute ukitzea. Halatan erran zioen Rebekak bere seme Jakobi: "Ene seme, haserre da zure anaia Esau, zure kontra koleran dago, aldara zakitza, beraz, bidetik, etzaitzala zenbait egunez ikhus, eta agian bitartean hotztuko da eta ematuko". Zeren, erran komuna den bezala, ikhusten eztuen begiak eztu minik.

Hala, Jesus haurrak ere egin zuen ihes Herodesganik.