<271>
da gaitzerizkoa. Hunen arauaz erraiten du Senekak ere: Optimum est, primum irritamentum irae protinus spernere, ipsisque repugnare seminibus (Sene. lib. 1 De ira, cap. 8) . Gauza ona da koleraren lehenbiziko narritamenduari, mugidari eta abiadurari begiaren edukitzea, hazi haren hozitzetik, sortzetik eta bihitzetik begiratzea. Hargatik erraiten du Jondone Paulok: Sol non occidat super iracundiam vestram (Ephes. 4). Eztadila iguzkia eror zuen haserretasunaren gainean. Erran nahi du: Non duret usque ad occasum solis (Glos. inter.). Eztezala iraun iguzkia sar arteino; etzoaztela oherat mendekatzeko desirarekin: akhaba diferentziak iguzkiz iguzki. Zeren bertzela, su ttipia handitzen den bezala, diferentziak ere aphur bana handituko dira, eta behin handituz gero, nekez ttipituko eta iraungiko dira.
Nola geure gogarako gauzekin naturalki bozten eta alegeratzen baikara, hala desgogarakoekin eta kontrakoekin tristetzen eta haserretzen gara. Hain haserretzen, ezen ezin baikarateke orduan, behintzat haragiaren arauaz, koleratu gabe, sentikortu gabe eta mendekatzeko desira gabe.
Nola ardia otsoaren ikhusteaz latzten, larritzen, asaldatzen, izitzen eta ikharatzen baita; hala egiten gara gu ere etsaiarekin batzeaz eta inkontratzeaz.
Orduan, haragiaren arauaz ezin garateke haserretu gabe, min hartu gabe eta