<250>
Zenbat kalte egiten duen juramentuak eta juramentu egiteko usantzak, eta nola behar den lehen baino lehen usantza hura utzi
Kap. XIX
168 Nola gure lehenbiziko aita hark, gure naturaleza haur, bere bekhatuaz narriatu, arrazatu eta eritokitu baitzuen, handik gara hain arrenkuratsu, inzirinatsu eta onbehar. Handik gara, ontasunera baino gaixtatasunera eroriagoak, isuriagoak eta emanagoak. Handik dugu adimenduan itsutasuna, borondatean malizia eta memorian flakotasuna. Handik heldu da, halaber, gezur erraitea, elkharren ez sinhestea, eta fidantzia gabe bethi goganbehartsu ibiltzea. Zein baita kalte handia, elkharren artean bizi behar dutenentzat; hain handia, non goganbehartsu, idurikortsu eta fidantzia gabe bizitzea, ezpaita bizitze. Bada, kalte handi hunen erremediatzeko, ediren zuen Jainkoak bide bat, zein baita juramentua. Ikhusten duzunean, etzaituztela sinhetsi nahi, eta premia