<23>
narraikan pontuari hobeki hurbiltzen zaikana, erraiten duela: Propterea praecepit Deus ut operaretur illum, si enim laboris omnis fuisset expers, ex nimio otio in ignaviam fuisset prolapsus (Chrys. to. 14 in cap. 2 Genes., tom. 3). Egia da, etzen oraino orduan lur-parabisu hartan egitekorik, etzen trabailatzeko premiarik. Ordea, halarik ere, etzuen nahi Jainkoak, han zegoena, zegoen geldirik; ez trabailatzetik alfertzera eta nagitzera ethor etzedin, eta zein gauza gaixtoa zen, eta den, alferkeria aditzera emaiteagatik.
Kontatzen du Kasianok, Paulo abade zahar hura, palma adar batzuk harturik, hetzaz zare, saski eta otharre egiten haritzen zela; eta gero azkenean, egin ondoan, astearen buruan, guztiak erratzen eta desegiten zituela (Casian. lib. 18, cap. 14). Zeren bataz, nola herrietarik urrun baitzegoen, gehiago baitzekarkeien garraioaren gastuak, obraren balioak baino; eta berriz bertzea, zeren trabailu hura guztia, orazinotan eta othoitzetan unhatu ondoan, alferkeriatik ihes egiteagatik hartzen baitzuen, eta ez ondoko irabaziagatik.
Gure Jaungoikoak eman zituen Lege Zaharrean seietan ehun eta gehiago manamendu eta zirimonia suerte, eta hekin batean hanbat egiteko, non erraiten baitu Jondone Petrik, ez berak, eta ez haren aitzinekoek ere, ezin bururik egin zutela, eta ez jasan hain karga handia. Quod neque patres nostri