Orrialde:AxularGero faksimile.djvu/229

Wikisource BIMtik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu
Orri hau berrikusi gabe dago

<229>

hanbat enseiuren egitera behartzen baitugu. Hala erraiten du San Krisostomok: Nam, si simulat, ex necessitate simulat et egestate, propter saevitatem et inhumanitatem tuam, quae talibus personis supplicantibus ad misericordiam non flectitur (Chrys. Hom. 37 ad populum Anthi., "De eleemosyna et misericordia", tom. 5).

Probeari emanen diozuna, guti edo anhitz, emozu berehala. Baldin doiez bazara, guti baduzu, emozu guti: eta baldin aberats bazara, gainez egina bazaude, emozu anhitz.

153 Jerusalemeko tenploaren egitean, eta eginez gero ere, bazebilan obraren eskea; eta bazen athearen aldean ere kutxa bat, erremusinaren edukitzeko untzi bat; hartan batbederak debozino zuenaren emaiteko, orai ere gure elizetan, kruzifikaren aldean, dagoen bezala. Bada tenploko kutxa, untzi edo kopa hartan ―zein juduek deitzen baitzuten gazophislatium ― aberatsek emaiten zuten anhitz, batak hamar, bertzeak hogoi, batbederak bere izanaren, ahalaren eta debozinoaren arauaz. Eta heken artean ediren zen emazte probetto bat, eta hark eman zituen bi kornadu.

Eta gero haren gainean erran zuen gure Salbatzaileak, gehiago eman zuela emazte probe hark, aberats guztiek baino. Zeren emazte hark beretzat behar zuenetik eman baitzuen, baina aberatsei, emanak emanik ere, franko gelditu baitzeien. Emazu, beraz, duzunaren arauaz. Zeren hartzaz kontentatzen da