<214>
arrazoinekin erranen deraue hunela. Zeren orduan bortxaz eta ezinbertzez hartaratzen baitira, eta borxazko ongi egiteak deus guti balio baitu.
Halakoek nahi dute, bizi direino deabruaren zerbitzuan egon, eta gero hiltzerakoan Jainkoagana aldatu. Ordea, hura da legearen kontra. Zeren erraiten du legeak, zuhaitz bat bere denbora guztian ondoz eta erroz, zure baratzean edo lurrean egon dena, azkenean bertzeren baratzera edo lurrera makhurtuagatik; eta ebakitzen dutenean bertzeren lur hartara eroriagatik, zure izanen dela, eta ez eroririk datzaneko lurraren jabearen (Lege. "Si plures", in ff. novo, lib. 5). Hala komunzki izanen da, bada, halaber, bizi deino deabruaren zerbitzuan erroak eginik egon dena ere, hiltzen denean, deabruaren, eta ez orduan Jainkoagana makhurtuagatik, Jainkoaren.
Eta nola zuhaitza zutik dagoenean, makhurtua dagoen aldera erortzen ohi baita komunzki ebakitzen denean, hala zu ere bizi zareino, norat baitzaude makhurtua, harat eroriko zara hiltzen zarenean. Eztezazula pensa, eztakizula iduri, baldin bizi zareino, sendo eta osasunarekin zabiltzaino, ezkerrerat makhurtua eta alderditua bazaude, eritasunean eta heriotzean eskuinerat jarriko eta xutxenduko zarela. Bizitzeari darraika heriotzea: nola bizi hala hil.