Orrialde:AxularGero faksimile.djvu/205

Wikisource BIMtik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu
Orri hau berrikusi gabe dago

<205>

hunek? Konparazino batez edo biaz adituko duzue.

138 Bi aitonen semek edo zaldunek elkharren artean etsaigoa dutenean, eta elkhar dixidaturik, desafiaturik, konbatera eta gudura deiturik, kolpeka hasten direnean, komunzki sendoenak edo anzatsuenak garaitzen du bertzea, bere meneratzen du, azpiratzen du, lurrera egotzten du, ezpataz iragaitera darama. Orduan lurrean datzanak, herstura handian baitago, erraiten dio bere etsaiari: "Ha, jauna, othoi, barkha iazadazu, bizia indazu. Ezagutzen dut orainokoan, zure alderakotzat faldatu dudala, gaizki egin dudala, baina prometatzen deratzut ezen, hemendik aitzina, zure zerbitzari izanen naizela". Hunela minzatzen zaika, hunela othoitz egiten dio. Eta othoitz hauk gogoan harturik, bihotza hautsten zaika, urrikaltzen zaika, barkhatzen dio, utzten du jaikitzera. Ordea, jaiki den bezain fite, bere eman duen promesaz eta egin zaikan garaziaz kontu guti eginik, bere leheneko tornura eta etsaigoara bihurtzen da. Halakoari bere etsaiaren indarrak, bothereak eta garaitiak gezurra erran arazi derauka, eta prometa arazi konplitzen eztuena. In multitudine virtutis tuae mentientur tibi inimici tui.

Hala eriek ere bere eritasunetan, eta marinel tormentatuek bere tormentetan, anhitz promes eder egiten dute, saindutzeko gogo hartzen dute, debozino bat erakusten dute.