<201>
hain denbora laburrean, prestatuko eta aphainduko dela. Halatan Alexandro handiak egotzi zuen soldadu bat bere konpainiatik. Zeren etsaiarekin batzerakoan, konbat emaiterakoan, hasi baitzen harmen garbitzen eta prestatzen.
135 Denbora hertsia eta egitekotsua da heriotzeko denbora: gaitz da orduan egiazko penitenziaren egitea eta izaitea, guztiz ere lehen debozinoan usatu eztenarentzat, edo anarteraino bethi gaixto izatu denarentzat.
Eta nola den gaitz, anhitz arrazoinez froga ahal diteke. Lehenbizikoa: orduan munduko egitekoek, zor-hartzekoek, hartu-emanek, seme-alabek, sehiek, ondokoek, eta guztien gainetik eritasunak berak, orduko oinhaze min hek trabu handia ibeniko deratzute, nahasiko, desmordituko, zeri lot eztakizula, zeure buruaz eta eginbideaz ahantzirik ibeniko zaituzte.
Sukhar handi batekin, saihetseko punta batekin edo bertze eritasun bortitz batekin dolorez zarenean, dolore hark berak, are eskapatzen zarenean ere, emaiten deratzu egitekorik asko, ezteratzu bertzetan pensatzeko ere astirik utzten.
Zer izanen da, bada, dolore guztien gaineko doloreak, arimaren gorputzetik atheratzeko asko denak, heriotzekoak har zaitzanean? Zer balentia egin uste duzu zuk orduan?