<200>
guztiak hain herstuki eta izigarriki mintzo dira orduko penitenziaz, non baitirudi ezen heken erranen arauaz, hartaraz gero, eztela bat ere salbatzen.
Erraiten du San Mateo ebanjelistak: Orate, ut non fiat fuga vestra in hyeme vel sabbato (Math. 24). Egizue othoitz, eztadila zuen ihesa gertha neguan edo larunbatean, zein baitzen orduan besta. Zeren nola negua baita linburi, leun, istilsu eta lohitsu, ezta bidean ibiltzeko on. Eta besta egunean ere debeku zen, etzen sori eta ez zilhegi bide luzerik iragaitea, urrun joaitea. Bada heriotzeko orena da negu eta besta. Negu, zeren guztia baita trabuz, trabailuz eta egitekoz bethea. Besta, zeren orduan behar baita pausatu, eta astelegunetako trabailuez, anarterainoko obra onez gozatu. Beraz, hunelatan, lehen behar da etsai gaixtoaren eskuetarik ihes egin eta eskapatu, eta ez anarteraino egon eta luzatu.
Arropa berriak bazkokotzat eragin nahi dituenak, aitzinetik behar du prestatzen hasi, aitzinetik behar du oihala ekharri, neurria hartu eta jostera eman. Erhokeria handia lizate goiz bereraino, dendaria deitu gabe eta bertze gauzak xuxendu gabe egoitea. Bada, are da erhokeria handiagoa heriotzeko oreneraino, arimaren beztitzeaz konturik ez egitea, eta uste izaitea ezen herstura hartan,