Orrialde:AxularGero faksimile.djvu/182

Wikisource BIMtik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu
Orri hau berrikusi gabe dago

<182>

pessimum, dio Senekak (Senec. Epi. 2). Gauza hondartuz gero, gutitzen da eta gaixtatzen. Hondarra guti da, eta guti hura ere gaixto. Florea, irina, hoberena, gaztetasuna eramaiten du etsai gaixtoak, eta gero nahi duzu kontenta dadin Jainkoa zahiaz eta zahartzeko hondarraz. Arrenkuratzen zen Jainkoa, zeren aniamalia itsuak, mainguak, eriak eta hebainak oferendatzen zerautzaten (Malach. 2). Beraz, arrazoinekin errenkuratuko da zutzaz ere. Zeren zahartzea baita itsu, eri, maingu, hebain, eta zuk hura oferendatu nahi baitiozu.

Zahartzean begietako bista laburtzen da, beharrietan gorreria egiten da; belhaunetan hezueria jartzen da, indarra gutitzen da, aphetitua galtzen da, loa joaiten da, ikhara ethortzen da, larrua zimurtzen da, ilea urdintzen da, burua karsoiltzen da, hatsa khiratsten da. Finean, presuna zaharra hotzberatzen, minberatzen, idurikortzen, haserrekortzen, eta alde guztiz onbehartzen eta urrikalkizun egiten da; hain urrikalkizun, non baldin nehon ere gorputzak narriorik, arrazadurarik, edo falta estalirik baldin badu, orduan guztiak agertuko baitira.

124 Zertako du, beraz, Jainkoak halakoa? Munduak eta mundukoek beretzat on eztadukatena, bere artean ikhusi nahi eztutena eta konpainietan ere narda zaiena, nahi duzu zuk har dezan Jainkoak bere bestale, maita dezan,