Orrialde:AxularGero faksimile.djvu/336
<336>
barkhatuko. Kofesa ahal zaitezke, gorputz saindua errezibi, barur, orazinotan egon, eta duzun guztia probei eman, baina hek guztiak etzaizkitzu deus baliatuko, baldin barrenean nehori herratik, hegigoarik, gorroturik edo borondate gaixtorik badiadukozu. Eztikete zauria senda, elhorria barrenean deino; eztiteke bekhatua barkha, borondate gaixtoak diraueino. Barberek buruko zaurietan, lehenik haragia aldaratzen dute, eta hezur kroskoa agertzen, bitartean odol ustelik geldi eztadin. Zeren, baldin geldi baledi, hark midizinari eta ezarten den erremedioari indarra flaka liazaio, eta berthutea edeki. Hala, arimako zauri hunetan ere lehenik behar da barreneko odol ustela eta etsaigoaren uhertasuna athera eta garbitu. Zeren bertzela ezta sendatzerik, eta ez emaiten diren midizinek eta egiten diren erremusinek, barurek, orazinoek eta bertze obra onek on egiterik.
§ 1
224 Bere etsaiari barkhatu nahi ezteraukanak, eztu edirenen bere behar orduan arartekorik, eta ez othoitz egilerik. Zeren Spiritu Sainduak dioen bezala: In hominem sibi similem non habet misericordiam; quis exorabit pro peccatis illius? (Ecclesi. 29. Bere lagunaz, bera bezalakoaz eztu miserikordiarik, eta ez urrikalmendurik; nork eginen du, bada, othoitz halakoaren