Orrialde:AxularGero faksimile.djvu/202
<202>
Egiazko penitenzia, zein baita gauza handia, egitekotsua, eta osasuna duenari ere lanik eta ekhairik asko emaiten dioena, nahi duzu zuk, den denborarik herstueneko, gaitzeneko, eri zareneko, eta are heriotzearen azken oreneko luzatu.
Horretan emaiten duzu aditzera, eztuzula nehoiz ere penitenziarik egin nahi. Zeren osasunarekin zaudenean, ahala duzunean, ezpaituzu egiten.
Hala erraiten du doktor batek: Si non facis dum potes, manifeste ostendis quod non vis (Hugo. De Sacram., part. 4, cap. 5). Hargatik erraiten du Agustinek ere: Festinare debet ad Deum convertendo dum potest unusquisque, ne si, dum potest, noluerit, omnino cum voluerit, non possit (August. ser. 17 ad fratres in eremo, tom. 10). Batbederak behar du konbertitu eta egin laster Jainkoagana, ahala duenean. Zeren ahala duenean nahia eztuenak, benturaz gero, nahia duenean eztu ahala izanen. Behintzat jartzen bedere bada ez izaiteko perilean.
Beraz, hunelatan, lehen behar da prestatu.
Zeren gaitz izanen da, heriotzeko orenean, eritasunez eta oinhazez kargatua zaudenean, penitenzia egitea, behar den fintasunarekin eta berotasunarekin Jainkoari gomendatzea. Zeren orduan, bertzeak bertze direla, eritasunak berak emanen baiteratzu egitekorik asko.