Orrialde:AxularGero faksimile.djvu/297
<297>
neque in opere reddere vindictam (Chris. super Episto.). Deusez ere eztuzu hala ahalketuko zeure etsai gaizki egilea, nola pairatzeaz, sentimendurik ez egiteaz, erastera utzteaz. Nola harri bati, edo sentimendurik eztuen bertze gauza bati, kolpeka darauntsanak, egiten baitio bere buruari kalte gehiago, eta hartan probetxu gabe unhatzen eta zathitzen baita: hala antsiarik eztuen bati edo konturik egiten eztuenari bere maliziaz darauntsanak ere, emaiten dio bere buruari gaitz gehiago.
Egun batez galdegin zeraukaten Dionisio filosofoari, ea zertzaz egin ahal ziazaion gizon batek bere etsaiari damurik eta atsekaberik gehiena? Eta ihardetsi zuen hitz gutiz eta laburzki: "Prestu izaiteaz". Etsaiak nahi luke bethiere ediren zure baithan zenbait falta, eta edireiten duenean, atsegin hartzen du, eta edireiten eztuenean damu. Eta handik erraiten ohi da, gaizki gobernatzen denak, faltatan erortzen denak atsegin egiten dioela bere etsaiari.
Beraz, goberna ongi, bizi prestuki, ez zeure burua abantailetan hartzera utz, ez ihardets, ez konturik egin. Zeren nola ur hotza baita eltzearen irakinaren gelditzeko erremedioa, eta bai sutik apartatzea eta egurren edekitzea ere: hala da koleraren hotzteko eta iraungitzeko bigarren erremedioa, eltzeari dirakienean egiten diozuna, zeure kolerari ere egitea.