<345>
denbora aphur batez, bortz egunez, eman ziazola bere zuen eskua eta botherea, bitartean utz zezala erresuman manatzera. Erregek aitzin-gibel guti behaturik, eta Salomonen konseiluaz ere kontu guti eginik, zeinek erraiten baitu: Non des mulieri potestatem animae tuae, ne ingrediatur in virtute tua, et confundaris (Eccle. 9). Eztemozula emazteari zeure duzun eskua eta botherea, nahi ezpaduzu zeure burua ahalketan ikhusi. Baina maliziarik edo enganamendurik ahal zatekeienz gogora ere gabe, erran zioen deblauki erregek baietz, deusetan ere dudatu gabe. Eta are berak lehenik agur egin zioen; berak bere eskuz koroa buruan ibeni zioen; eta manatu zuen, biziaren penan, hurreneko bortz egunetan Semiramis hark manatzen zuen guztia egin zedila. Eta hain aitzina iragan zen egitekoa, non ikhusi zuenean emazte gaixtoak, nola zen obeditua, manatu baitzuen errege berari burua edeki ziazotela. Eta nik eztakit nola hartu zuen erregek egitekoa, baina berehala manua konplitu zen, eta trufan-burlan burua edeki zioten. Eta gelditu zen Semiramis errege eta erregina; eta errege itsua bere erresuma eta bizia galdurik desohorezki finatua. Ikhusazu zer egiten duen emazteak, eta emaztetako amorio desordenatuak, nola gizona itsutzen duen; nola zer hari den eztakiela, mila erhokeria