<238>
Zeren zure onetarik eta zure izenean egiten bada ere errepartitze hura, ordea, anhitzetan ere ezpaituzu zeurk egiten. Herioa hurbiltzen zaitzunean, nola athaka hertsian eta pausu gaitzean iragan behar baituzu; eta bitarteko doloreak ere handiak baitira, orduan zeure onez kontu guti egiten duzu: zeren handiagoak ahantz arazitzen baiterauzkitzu. Orduan zeure ondokoei eta han presentean edireiten direnei, zer ere nahi baitute, eta nola behar dela ikhusiko baitute, hala dagitela utzten derauezu. Hain nekez eta penaz bildu zinituen onak eta onhasunak, eta hain zuhurtki eta maiteki begiratzen zinituenak, gero hain laxoki eta antsikabeki largatzeintuzu; lehen zein hertsi eta itxekin baitzinen, gero hain franko eta liberal egiten zara. Orduan nork zer erraiten baiteratzu, hura laudatzen duzu; eta anhitzetan ere, zer erraiten duzun eztakizula, baietz erraiten duzu. Neure mendean anhitz ikhusi dut halakorik. Eta hala, badirudi ezen, orduan egiten duzun guztia bertzek egiten duela, eta ez zuk. Ikhusazu, bada, ea zer probetxu eta merezimendu ahal dukezun, bertzek egiten duen ongiaz. Arrazoinekin erraiten du Spiritu Sainduak: Ante mortem benefac amico tuo, et secundum vires tuas exporrigens da pauperi (Ecclesi. 14). Heriotzera baino lehen egiozu ongi zeure adiskideari, eta duzun indarraren arauaz