<237>
derauztezula, orduan ongi handiak eginen ditutzula. Erradazu, nondik jakinen duzu, edo nork abisatuko zaitu noiz edo zer moldez hilen zaren? Nor duzu hartako fiadore? Zenbat ikhusten ditugu ustekabean, laburzki, kolpez edo estropuz, mintzatu ere gabe, finatzen direla? Eta bai, halaber, sukharrak nahasirik, bere testamentak hasi, eta akhabatu gabe gelditzen direla? Zergatik, bada, nahi duzu zuk ere, benturaz zeure adimenduan egonen etzaren denborako, eta astirik ere izanen eztuzuneko, zeure egitekoa eduki eta luzatu?
§ 1
159 Goazin aitzinago. Oraino orduan, hiltzerako aitzinean, adimendu, memorio eta asti bazendu ere, erran nezake zure orduko erremusinak deus guti balio duela. Zeren baitirudi ezen bortxazkoa dela, eta ez borondatezkoa; guztiz ere, lehen ahal zeneidikeielarik, berariaz, anarteraino luzatu duzunean. Zeren orai zeure onak eztitutzu gutitu nahi, ezin delibera dezakezu hartara; bada badirudi ezen gero ere, hil uste ezpazendu, etzenezakeiela delibera, eta ez hetarik eman.
Are gehiago, zure orduko, azken oreneko onen emaite eta errepartitze hark, badirudi deus guti balio duela zuretzat.