<355>
Zeren komunzki amurusiatik sortzen baitira gerlak eta diferentziak. Halatan, halaber, lehenagoko jentilek erakusteko zer aztura eta kondizino zuen emazte gaixtoak, pintatzen zuten lehoin bat emazte begitartearekin.
Zeren emazte gaixtoak lehenbizian lausengatzen eta balakatzen badu ere, ordea azkenean, lehoin goseak bezala, larrutzen eta desegiten baitu. Hargatik erraiten du Spiritu Sainduak: Favus, enim, distillans labia meretricis, et nitidius oleo guttur eius. Novissima, autem, illius amara quasi absynthium (Proverb. 5). Eztemozula konturik emaztearen balakuari eta enganamenduari. Zeren eztia darion beraska bezala dira haren ezpainak, eta olioa baino leunago haren lephoa; ordea, ondorea, azken fina, abszintio belharra bezain min eta gozo gabe.
Lehenbizian amorio handia, azkenean gaitzerizkoa errabiatua. Lehenbiziko egunean besarka, hurrenekoan kolpeka. Adiskidetasunetik etsaitasuna, amoriotik desamorioa sortzen da.
236 Erran behar da handia dela Satan gaixtoaren artea, bi gauza hain diferentak, nola baitira amorioa eta desamorioa, adiskidetasuna eta etsaitasuna, elkharrekin juntatzen eta bata bertzeaganik atheratzen dituenean.
Haragiaren plazeretan ez ohi da dantzarik eta irririk baizen; jaterik, edaterik eta amoriorik baizen; eta, guztiarekin ere,