<388>
nahia. Kontatzen du Aulo Geliok Korintioko herrian zela Lais zeritzan emazte eder bat, famatua, amoltsua, plazer egilea eta bere ofizioaren baliatzen ongi ziakiena (Aul. Gelits. lib. 1, cap. 3). Bada, egun batez Demostenes filosofo handi hura emazte haren aldetik iragaiten zela, kilikatu zen, ernatu zen, linburtzen hasi zen; eta galdegin zioen Lais berari, ea zenbana saltzen zen fruitua, zer balio zuen merkatalgoak. Eta alegerarik, ustez ezen ihizia sarean zuen, eskatu zeikan suma handi baten, gehiago borzehun ezkuturen baino: handiari handiki. Demostenek aditu zuenean ema-muthiriaren demanda, ihardetsi zioen, ez uste bezala: Ego poenitere non tanti emo (Plutarc. in Aphohothe.). "Eztut nik urrikitzea edo urrikia horrein garastia erosten". Erran bailio bezala: "Badakit, andrea, ezen baldin nik orai iragan baneza zurekin neure aphetitu desordenatua, urriki lekidikedala berehala. Bada, urrikitze hura, ondoko damu hura, eztut horrein kario erosten, eta ez hargatik hanbat diru emaiten". Eskarnio egin ustea, gelditu zen eskarniatua. Eta Demostenek eman zuen hartan aditzera, bekhatuari bethiere bere ondotik urrikia darraikala. Munduko plazer desordenatu hautan, aphetitua hilez gero, asez gero, gozatuz gero, higintzen da bianda, ethortzen da urrikia. Ezin erran diteke zein erhotua ibili zen Amnon, errege Dabiten lehenbiziko semea,