Orrialde:AxularGero faksimile.djvu/216

Wikisource BIMtik
Izaskun.etxeberria (eztabaida | ekarpenak) (Berrikusi gabe: Orria sortu da. Edukia: dena, ongi hiltzen da; eta gaizki bizitzen dena, gaizki hiltzen da. Haur da bide zabala, erreala, plauna eta segura. Bertze guztiak dira bidexkak, bide xidorrak, hertsiak...)(r)en berrikusketa, ordua: 14:24, 9 uztaila 2020
(ezb) ←Berrikuspen zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb) | Berrikuspen berriagoa→ (ezb)
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu
Orri hau berrikusi gabe dago

<216>


dena, ongi hiltzen da; eta gaizki bizitzen dena, gaizki hiltzen da. Haur da bide zabala, erreala, plauna eta segura. Bertze guztiak dira bidexkak, bide xidorrak, hertsiak, meharrak, malkhorrak eta perilez betheak. Male mori times, et male vivere non times. Non potest male mori qui bene viverit (August., De disciplina christiana, libro unico, tom. 9). Gaizki hiltzearen zara beldur, eta ez gaizki bizitzearen. Bada, ezin hil diteke gaizki, ongi bizi izatu dena. Eta jakiteko, duda guti dela egiteko hunetan, bada seinale bat handia. Zeren batbederak sendo zeino zertan baitzedukan gogoa, hartan ohi daduka, eta hartzaz minzatzen ohi da eritasunean eta hiltzerakoan ere; hartan edireiten da ametsetan eta eldarnioetan ere; asko baita aditzera emaiteko, bizitzen bezala hiltzen ere dela. Quae seminaverit homo, haec et metet, dio Jondone Paulok (Ad Gal. 6). Gizonak zer ere ereiten baitu, hura biltzen ere du. Eta galdegiten du S. Mateo ebanjelistak, ezetzko kontuan bezala: Nunquid colligunt de spinis ubas, aut de tribulis ficus? (Matth. 7). Othe da nehor, elhorri-arantzetarik mahats, edo saphar-laharretarik fiko biltzen duenik? Bizi deino gaixtakeria banatzen eta ereiten ibili denak, eta gero bere azken finean saindu batek bezala hil uste duenak, elhorri-arantzetarik, mahats, saphar-laharretarik fiko, gaixtakerietarik ontasun bildu nahi du: ezin datekeien gauza desiratzen du.