<174>
orduan onduko naiz; orduan munduari gibela emanen diot, eta debozinoan sarthuko naiz. Baina, anarterainokoan, dezadan atsegin har, dezadan mundua zerbitza; nakion goza; nakion behin, berriz bihurtzeko desirarik eztukedan bezala, ase eta asper". Haur da oraiko presuna gazten deliberamendua, haur da heken gogoa; eta haur da adinean bezala gainerakoan ere gazte izaitea eta, azken finean, fin gaitz egiteko perilean jartzea.
Baldin bazina esperantzatan hemendik urthe baten buruan erdiesteko jaun handi batenganik zenbait kargu edo errenta, ez lizateke erhokeria handia, bitartean, anarterainoko denboran, jaun haren kontra ibiltzea? Bada, are da handiagoa zuk egiten duzun erhokeria. Zeren zuk nahi duzu hemendik urthe baten buruan, edo gehiagoren, zeure zahartzean ondu, zuk nahi duzu orduan Jainkoarekin adiskidetu, eta harenganik anhitz fabore eta garazia erdietsi; eta alabaina, bitartean, anarterainoko denbora guztian, zeure gaztetasunean, Jainko haren kontra zabiltza, harekin etsai zara, eta etsai bezala anhitz bidegabe egiten diozula bizitzen zara. Ha zer bidea eta moldea, zer lausengua eta balakua, harenganik zahartzean, endrezu izaiteko, nahi duzunaren erdiesteko!