<453>
Bertze munduko parabisuaz, zeruko loriaz kontu guti egitea, itsutasun handia da, eta batere federik dutenen artean gauza miretstekoa. Baina, aldez are itsutasun handiagoa eta gauza miretstekoagoa da mundu hunetako parabisuaz, zein baita konzientzia ona, hain kontu guti egitea. Zeren bertze munduko parabisua eztugu oraino ikhusten bedere, eta ez gozatzen. Baina mundu hunetakoa, konzientzia onaren bakea eta sosegua, noizik behin, bekhaturik gabe gaudenean bedere, ikhusten, dastatzen eta frogatzen dugu. Eta, guztiarekin ere, ontasun haur ere, bertzerik anhitz bezala, galtzera utzten dugu.
Bada berthuteak, prestuki bizitzeak, bertze pagamendurik eta golardoarik ezpalu ere, konzientzia onaren bakea eta sosegua baizen ere, hargatik beragatik ere behar genduke, lehen baino lehen, gerotik gerora ibili gabe, egunetik biharrera luzatu gabe, orai bereon, konzientzia onaren, ontasun handi hunen erdiestera enseiatu eta lehiatu. Hunelatan gutarik batbederari erran ahal lekidikeion bezala: Si dormieris, non timebis, quiesces, et suavis erit somnus tuus (Prov. 3). “Lo zauntzanean, etzara beldur izanen, pausatuko duzu, eta lo gozoa eginen duzu”.