<71>
orazinotan, egiok heure Jainkoari othoitz, eta benturaz halatan eskapatuko gaituk”. Hala Patriarka Jakobek ere, bere anaiarekin gaizki zenean, igorri zerautzan bere anaia hari aitzinetik presentak, erraiten zuela: Forsitan propitiabitur mihi (Genes. 32) . Benturaz, hunelatan, present haukin batean barkhatuko deraut, benturaz hunelatan adiskidetuko gara. Haur da bigarren bentura ona, ontasunean enplegatzen dena, falta eginak erremediatu nahi dituenarena.
47 Baina bada bertze bat, hirurgarren bat, benturaz gaixtoa, luzamenduak bilhatzen dituena, gibelamendutan dabilana, eta perilik baizen ezten lekhuan ere, segurantzak ediren nahi dituena. Erraiten zaitzu zahartzen hasi zarela, bi iletan jarri zarela, begiak lanbotzen hasi zaizkitzula, bidearen bi herenak iragan ditutzula, eta baldin horrela zaudela zeure azken egunak edireiten bazaitu, ez benturaz, baina seguraz kondenatuko zarela. Ordea, zuk eztuzu hunelakorik sinhetsi nahi, eta ez enzun ere. Aitzitik, zeure nahiarekin batean, benturaz eztela halakorik izanen iduritzen zaitzu. Eta erran behar bidean “Benturaz hala izanen da. Benturaz kondenatuko naiz”, erraiten duzu: “Benturaz ez naiz kondenatuko, benturaz ezta halakorik izanen”.