<587>
beregainezkoak. Lehenbizikorik, visus, begietako bista izanen da penatua. Zeren ifernuko lupe hartan ezpaitu deus ikhusiko, ilhun izanen baita. Eta suan egonen bada ere, eta suak bere egitez argitzen badu ere, ordea, badateke argitu gabe: edo egurra dela kausa, izanen baita sufrea, zeinek ezpaitu argi klarik egiten, khe ilhunik eta beltzik baizen; edo lekhua dela kausa, izanen baita lurrean barrena, alde guztietarik hertsia, leihorik eta atherik gabea, hats hartzeko eta argiren edo haizeren sartzeko biderik ere izanen eztuena.
Egia da, ordea: ezta, ez, xoil eta alde guztiz ilhun ere izanen. Argi asko izanen da lanhope batean bezala, elkharren ikhusteko, eta ikhuste hartzaz gehiago penatzeko eta tristetzeko. Zeren tristura handia errezibituko dute, noiz eta bere lagunak, zeinekin bekhatu egin baitzuten eta zeinengatik galdu baitziren, ikhusten baitituzte bere begien aitzinean. Hala emaiten du aditzera San Gregoriok: Quamvis ignis ille non luceat ad consolationem, lucet tamen ut magis torqueat (Greg. li. 9 Moral.). Ifernuko su hark argitzen ezpadu ere konsolatzeko, bai ordea argitzen du, eta argituko du, gehiago penatzeko eta malenkoniatzeko. Zeren argi lanbo harekin batean ikhusiko dute hanbat likitskeria, hanbat spiritu gaixto eta itsusi; hain konpainia