Zeren Jainkoaren grazia heldu zaionean gizonari, indarsu eta ahaldu egiten da gauza guzietara: baian joaiten zaionean behar eta flako gelditzen da, eta azotetara xoilki utzia bezala.
Orduan eztuzu bihotz flakatu ez eta etsitu behar, baina pazienziaz itxeki behar diozu Jainkoaren borondateari, eta gertatuko zaitzun guzia pairatu behar duzu Jesusen laudoriotan.
Zeren neguari darraio uda, gauari eguna, eta tormentari denbora ederra.
Bederatzigarren kapitulua
Konsolazione guziez gabetzeaz.
1. Ezta gaitz munduko konsolazionearen mesprezatzea Jainkoarena dugunean.
Gauza handia eta guziz handia da indar aski izaitea bai munduko bai Jainkozko konsolazione gaberik izaiteko, eta borondate onez bihotzeko desterruaren pairatzea Jainkoaren ohoretan, bere burua deusetan ere bilhatu, eta bere merezimenduei behatu gabe.
Zer da handirik alegera eta debozionetsu bazare, grazia heldu zaitzunean?
Badute guziek oren haren desira.
Plazerki aski dabilla Jainkoaren graziak ekartzen duena.