<80>
dira, zeren bertzela nahiko du deabruak akometatu eta alegatu, obra zahartu dela, eta hartan zuzen duela.
§ 1
54 Errazago bada ere on bahituaren atheratzea eta koberatzea, salduaren baino, edireiten da, guztiarekin ere, bere onak bahitzen bezala saltzen ere dituenik. Eta haur beror gerthatzen da arimako gauzetan ere. Beldur direla, bere konzientziak alha zaiztela, bekhatu bat edo bia baizen eztutela eginen erraiten dutela; eta heken ere utzteko gogorekin dabiltzala bekhatuak egiten dituztenek, bahitzen dituzte bere arimak. Baina beldurtasunik gabe, Jainkoz, konzientziaz eta munduaren erraiteaz ere konturik egin gabe, antsikabeki dabiltzanek, saltzen dituzte. Bahi bat tabernara arnozun igortzen duzunean, gaztigatzen diozu tabernariari eduki dezala zenbait egunez bahi hura, eta gero heken buruan atherako duzula. Baina zuk, nola atherako duzun, ezen barrenago sartzen duzu: egunetik egunera bahiaren gainean, arno gehiago hartzen duzu, halako moldez ezen, azkenean, ikhusirik bahiaren balioa edan duzula, bahi guztia tabernan utzten baituzu. Bada, haur beror zeure arimaz ere egiten duzu. Erraiten duzu, bahi bai, baina neholatan ere eztezakezula sal. Erraiten duzu bekhatu bat eginen duzula, eta ez gehiago. Ordea,